XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ganbeleri dagokionez, banakakoak izan ordez, zerrenda bakarreko txoko-unea izango du.

Ganaduari janariak muturrez emateko eran antolatuko da estalpe berri hori.

Ganbel-illara bat bazterreruntz dela, beste biek alkarri begira jarriko ditugu.

Bien artean bi metro ta erdiko ibilbide eroso bat ezarriko diogu; gisa horretara ikullua egiteak, gurdirik zabalenak ere ikullura bertara sartzeko erosotasuna emango digu.

Hamabi behi eta berrogei txekor jarriko ditut, oraingoz behintzat.

Jabetzen al zara orain, zergatik pillakatu ditudan horrenbeste belar-tontor.

Ametsetan balebil bezala entzuten zuen Joxe Marik semeagandik zetorkion hitz-burrundara guzti hura.

Gerora eta illunpe sakonagora murgiltzen zihoakion aitari bere buru izutua.

Sei behi eta lau txahal ikulluan edukitzeko, egun guztiko orduak lanerako behar zituenak, ezin zuen iñolaz ere ulertu nolatan zaindu zitekeen hainbesteko ganadu-taldea.

- Nik badakit, aita, esan zion Andonik, zer buru auste sortuko diren zure buru horretan.

Horrenbesteko ganadu-saillak eskatzen duenari nork erantzun ahal izango dio?, esango duzu zure baitan.

Nork egin guzti hoiekiko lanak? Nundik sortu horrenbesterentzat iñaurkiña eta azpikoa?.

Nork txukunduko ditu horrenbeste lau-oindunen simaurkiak?.

- Horixe duk, bete betean, pentsatzen ari nintzena.

Kopetean idatzita eraman banitu ere ez izkidakeen garbiago ezagutuko buruan nebilzkien kezkak eta zalantzak.

- Zaude lasai, aita.

Ganadu-bazka etxeratzeak emango digu bere lana.

Hala ere, ikullu-barruan izango dugun egitekoa, gaur dauzkagun sei behi labur hoiek ematen diguten lanaren erdia emango digu era berrian antolatuko dugun behi-talde osoak.

Gizon bakarrak, oso neke gutxirekin gaiñera, egingo ditu ganadueri bazka emateak eskatzen dituen lanak.